02-01-2006 –
BAKEA BEHAR DUGU
Urte berrian sartu gara, 2006.enean. Eta iruditzen zait mundu guztiak, edo ia guztiak, ilusio handiak dauzkagula, ea ba hau izango ote den bakearen urtea! Hainbeste denbora daramagu amets hori, ilusio hori, gorpuztu ezinik, hainbeste denbora! Eta denbora bakarrik balitz, gaitz-erdi! Baina denboraz gain, sufrimendu asko eta handia, bakardade asko eta mingarriak, beldur-izu kizkurtzaileak, ausentzia gehiegi... Hitz batean samin asko!
Eta bakea behar dugula esatea, balio gabeko topiko bihurtu zaigu. Oraintxe bezala, beste inoiz ere izan ditugu ilusioak pil-pilean. Bazirudien bakea behatz-puntaz ukitzen genuela. Beste inoiz esan ziguten egoera atzera-bueltarik gabea zela. Esan bai, uste izan bai, amestu bai; baina... Betiko «baina» madarikatuak!
Topiko izango da hau esatea, baina «bakea behar dugu». Barruak agintzen dit hala esatea, eta halaxe esaten dut. Ezin daiteke gerta, bakea badatorrela eta badatorrela, eta berriro ere etsipenak dena belztea. Ezin daiteke gerta edonolako interesen kaskarkerian dena hankaz-gora joatea. Gure bake-ilusioa ezin daiteke arrazoi susmagarri eta aitortu ezinekoen menpean itota geratu.
Gizarteak, Elizak, giza mugimenduek, denok bakea eskatu behar dugu bare baina erabaki sendoz. Alfer-alferrik ditugu beste gauza guztiak, alferrik aurrerapenak, alferrik erosotasun guztiak, gizatasunaren duintasuna aitortzen duen bakea falta izatekotan. Bake-faltaz sufritzen duen gizaki bat, bat bakarra, dagoen bitartean, ez gara lasai biziko. «Bakea behar dugu» eta orain behar dugu, aitzakiarik gabe behar dugu, atzerapenik gabe behar dugu, tranparik gabe behar dugu. Bakea!
IÑAKI BERISTAIN

|
|
|