Martes, 2008 13

03-02-2006 – EZINAREN ELORRIA

Zure irudia
arantzan.
Arantza
gure
bizitzan.

Geure irudi bat
ikusi dugu
irudi
samin
horretan.
(B. Gandiaga)

Zenbat aldiz eta nolako egokitasunez erabili izan zuen gure Bitoriano Gandiagak elorriaren irudia bizitzaren samina jaso eta azaltzeko! Ale honen azalean jarri dugun elorri bihurri eta lehortuak negualdi askoren erasana eta bizi ezinaren samina erakusten du. Alde horretatik, gure Elizaren, gure gizartearen eta gure munduaren irudi egokia ematen duela ere esan genezake. Ez al da hala?
Askotan hitz egin dugu bakearen ezak uzten digun saminaz. Baina, horrez gain, zenbat sufrimendu eta eta ezintasun inguratzen zaigun bizitzara! Bakoitzaren bizitzan zenbat elorri ihar ez da saminez okertzen! Gure gizartearen eguneroko esperientzian ez dugu berri onik apenas jasotzen. Dena da ezbeharra, dena da samina, dena da gerra... Ezina, alegia!
Baina, elorriak badu besterik: badu udaberriko lore zuririk, badu pinporta gorririk... Eta hori ere adierazgarria da: bizitzak esperantza behar du. Bizi dugun negualdiak udaberria erneko du, eta dena loratuko da. Egia da, elorria behin betiko ihartu eta lehortu daitekeela. Baina, itxaropenari bizirik eusten diogun bitartean, ez da hori gertatuko.
Argazkiko elorri zaharrean ezinaren samin guztiak jaso nahi ditugu; baina denak itxaropenaren neguan egosten jartzeko. Elorriaren samina, Eliza eta gizarte berritu baten loretan poztu nahi dugu. Arantzazuk, saminaren sinbolikaz, esperantzaren mezu eragilea eskaini nahi luke. Etsita ez dago ezer. Elorri zaharra loratuko da. Gure ezinaren erorialdia pozetan altxatuko da. Itxaropen!
IÑAKI BERISTAIN
(Arantzazu aldizkaria)

 

EZINAREN ELORRIA
© Arantzazu.org 2008. Todos los derechos reservados.