Jueves, 2008 15
 

Nafar hiri hau Erribera atarian dago. Bere lur-eremua mahastiz estalia dauka gehienbat gaur egun, eta, beraz, ardogintzari emana dago, oro har, bertako jendea, ardandegi propio eta guzti. 2003ko erroldan 3.265 biztanle zituen Erriberrik.

Hiri honen historiak gogora ekartzen digun lehenbiziko gauza, Nafarroako erregeen gortea da, eta bertako gaztelua —zati batean zaharberritua— horren lekuko zuzena dugu.

Hain zuzen ere, gaztelu horren gerizapean dago frantziskotarren komentua.

Erriberriko komentua, frantziskotarren ordenak Penintsulan eraiki zuen lehenengoetakoa da (1243 ingurukoa), nahiz eta gaur egungo kokapena beste bi lekualdaketaren fruitu den: XIV. mendean 1345ean) lehenengoa, eta XVIII.ean (1749-1854an) bigarrena. 1745ean, berriz, Misiolarien Kolegio Apostoliko bihurtu zen.

Etxe hau, lehenengo, Aragoiko probintziarena izan zen (Nafarroako Kustodiaren barnean, 1243-1566), eta gero, Burgosko probintziaren parte izatera pasatu zen berehala (1567-1837). Eta Kantauri/Arantzazuko probintzia berreratu zenean, berriz, berari atxiki zitzaion 1880an, eta probintzia horren prestakuntza-etxe nagusietakoa (teologia eta filosofiakoa) izan da harrezkero.

Nola nahi den dela, frantziskotarren ordenak Nafarroan eduki zuen komentu bakarra izan zen ia mende batez (1880-1976). Bere pastoralgintzako eta eskeko jarduerak oso muga zabalak izan ditu, egia esan, ez bakarrik Erresuma Zaharrean, baizik eta baita Errioxan ere. Eta, besteak beste, arreta berezia eman zion Hirugarren Ordenari, hasi XIX. mendearen hondarretik, eta gutxi gorabehera 1970era arte.

Arestian esan bezala, fraidegai edo apaizgai gazteak prestatzea baitzen bere egiteko nagusietako bat, bere eraikinak handitu beharrean gertatu zen komentu hau, anaidi ugari bati aterpea emateko. 1963an jo zuen komunitate horrek bere gailurra: 111 fraide, filosofiako ikasleak barne. Filosofia itxiz gero, ordea (1976an), pixkana-pixkana murriztuz joan da anaidia, 2004ko urtean bederatzi fraide baizik ez izateraino iritsiz.

Iragan mendeko azken hamarraldietan, eta aipatu dugun prestakuntza-lan hori desagertzean, aldaketa aski sakonak ezagutu ditu Erriberriko komentu honek bere jardunean. Lehenengo, Arantzazuko probintziako fraideei Prestakuntza Iraunkorreko Ikastaroak emateko erabili zuten denboraldi batean (1980tik); gero, Erriberriko bertako eta inguruko herrietako (Beire eta Traibuenas) parrokia-bizitzako pastoralgintzan parte hartzeko (koadjutore eta arduradunekin).

Eta ez dugu ahaztu behar, azkenik, Erriberriko komentuan izan duela anaia Xabier Alvarez de Eulate margolariak bere tailerra, eta komentu horretako klaustroan eman izan duela ikustera 1961az geroztik egindako lanaren parte handi bat. Baina horrelako ekintza banakoekin batera, landu izan dira kultura mailako beste hainbat ekimen ere, hala nola lehen irakaskuntzako eskola (1935-1949) eta “Oliteko Orfeoia” (1957-1967).

ANAIARTEKO KIDEAK (31.07.2005)

  • Alvarez, Javier Maria
  • Ibañez, Felix
  • Larrarte, Julián
  • Mendiguren, Julian
  • Pérez de Arenaza, Agustin
  • Porto, José

OLITE
Frantziskotarrak 948 74 00 32
Ronda del Castillo, 1
31390 OLITE (Nafarroa)

© Arantzazu.org 2008. Todos los derechos reservados.